4.1. Hezkuntza
Aztertzeko ildo orokor gisa, familiei hezkuntzaren esparruan laguntzeko neurrietan, ustez ahultasun-egoeran dauden familia-motei lehentasunezko tratua emateko neurriak sartu dira, 13/2008 Legearen muinak xedatzen duenez.
Familiei hezkuntzaren esparruan laguntzeko neurriak Familiei Laguntzeko 13/2008 Legea baino lehen sortu ziren arren, lege horrek dio Eusko Jaurlaritzak “umeen eta gazteen hezkuntza bermatzeko” betebeharra daukala eta bereziki interesgarria den neurri gisa “0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzea” aipatzen du.
Haur hezkuntza
EAEn, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur hezkuntzako lehen ziklorako plazen eskaintza publikoaz gain, haur-eskolen eskaintza pribatua dago, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko haurren Haur Eskolak 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan arautzen dituenak– eta azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuak –0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituenak– arautzen duten moduan.
Haurrentzako arreta-zerbitzuei buruzko neurri horrek lehentasunezko interesa dauka familiei laguntzeko neurri publikoetan, familiarekin lotura bikoitza baitu, hezkuntzarekin zein lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko politikekin lotuta dago-eta. Erakundeek haur hezkuntzako plazei dagokienez egiten duten eskaintza, esparru publikoan, hiru taldetan antolatzen da:
Haurreskolak: 0 eta 3 urte bitartean dituzten haurrentzako eskolak; Eusko Jaurlaritzak eta –orain arte– 167 udalek Haurreskolak Partzuergoari atxikitzeko egin dituzten hitzarmenetatik sortu dira.
Eskola publikoak: gelak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe, 2 eta 3 urteko ikasleei zuzenduta.
Haur hezkuntzako udal eskolak: Haurreskolak sarean sartu ez diren udalen menpe dauden eskola publikoak.
Esparru pribatuan, badaude kooperatibak, ekimen pribatua (laikoa nahiz erlijiosoa) bai eta aurrezki-kutxetako gizarte-ekintzen eskaintza ere.
Eredu horretan, familien erreklamazio garrantzitsuenek landa– eta hiri-ingurunetan Haurreskolak Partzuergoko plazak modu desberdinean banatzearekin daukate zerikusia nagusiki. Izan ere, horren ondorioz, udalerri txikietan plaza bat lortzeko zailtasunik ez dagoen arren, metropoli-ingurunetan zailtasunak nabarmenak dira, bereziki urte 1 baino gutxiagoko umeentzako geletan.
“Diferentzia handiak daude landa– eta hiri-inguruneen artean haurreskoletako plaza-kopuruari dagokionez. Esate baterako, Arabako herri batean plaza-ratioa ia %3 da, eta Bilbon, aldiz, %0,15 izan daiteke gutxi gorabehera”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
Era berean, EAEko udalerri guztiek ez daukate partzuergoarekin lotuta dagoen ikastetxerik eta batzuek udal-ikastetxerik ere ez daukate; horrek familia batek plaza bat erdiesteko dituen aukerak are gehiago zatitu eta dibertsifikatzen ditu, bizi den udalerriaren arabera.
2011. eta 2013. urteen artean, izaera esperimentalarekin, 0 eta 3 urte bitartean dituzten haurrak zaintzeko ekimen diferente bat garatu da: haur-etxeak, Europako beste herrialde batzuetan dagoen familia-habien ereduan oinarrituta. Haurrak zaintzeko zerbitzu hori zaintzailearen bizilekuan ematen da, umeak zaintzeko eta hartzeko bereziki egokituta eta hornituta baitago; 3 edo 4 umeko talde murriztuetan garatzen da, eta haurrak familia-habia batean artatzen dira.
Zerbitzu horrek gazteenentzako zaintza-modalitateen aukera zabaltzen zuen, hezkuntza-saretik haur-eskolen edo haurreskolen bidez egiten zen eskaintza osatzen baitzuen.
Pilotaje-fasea bukatutakoan, eta familia erabiltzaileek gogobetetasun-maila altua adierazi duten arren, zerbitzua eskaintza publikotik ezabatu da eta familientzako eskaintza pribatu gisa mantendu da merkatuan.
Derrigorrezko hezkuntza eta derrigorrezkoa ez dena
Haur hezkuntzaz gain, landa-laneko elkarrizketen eta eztabaidatzeko taldeen bitartez familia-ekonomiari eransten dioten kostuagatik familiak bereziki kezkatzen dituzten beste arlo batzuk identifikatu dira:
Liburuen mailegua
EAEn testuliburuak mailegatzeko eta berrerabiltzeko programa EAEko ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzako etapan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan ikasten duten ikasleei zuzentzen zaie.
Aurrekontuetako doikuntzen ondorioz, liburu bakoitzaren bizitza baliagarriko zikloa de facto luzatzen ari da: hasiera batean lau urte aurreikusten ziren arren, orain gutxienez sei urte irauten du. Era berean, eta 16 urteez haraindi luzatzea aurreikusita bazegoen ere, Bigarren Hezkuntzako azken bi ikasturteak oraingoz ez dira programan sartuko, eta horrek familiak eskola-material horretan egiten duen inbertsioa igoarazten du.
Familiek liburuen kostu errealaren %20 inguru (26 eta 44 euro bitartean, ikasturtearen arabera) ordaintzen dute, eta gainerakoa administrazioak hartzen du bere gain.
“Testuliburuen kostua zailtasun nabarmena da seme-alabak dituzten familientzat. Ahalegin handiz egin behar diegu aurre kostu horiei”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
Jantoki-zerbitzua
Jantoki-zerbitzuak, elikatzeko eta bizi-aztura osasungarrietan hezteko daukan oinarrizko eginkizunaz gain, bateratzeko laguntza garrantzitsu bat eskaintzen die familiei.
Eskuarki, zerbitzu horren zati bat Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du, menuaren kostearen bi heren bere gain hartzen baititu, eta beste herena familiek ordaintzen dute. Menu bakoitzeko prezio publikoa 3,30 € eta 4,30 € artean dabil, eta urteko kostua, aldiz, 550 € eta 800 € artean.
Ikastetxeetara iristeko mugikortasuna
Sare publikoan eta derrigorrezko etapetan eskolatuta dauden ikasle gehienek Hezkuntza Sailak prestatutako doako garraio-zerbitzua daukate. Modu osagarrian eta edozein arrazoirengatik eskaintza hori erabili ezin dutenentzat, garraiorako banakako laguntzak daude; familiaren egoitzaren eta ikastetxearen arteko garraioaren zenbatekoa estaltzen dute (garraio publiko erregularrean zein ibilgailu pribatuan). Banakako diru-laguntza hori jasotzeko, ikasleek ikastetxe publiko batean edo salbuespenez itunpeko ikastetxe batean eskolatuta egon behar dute, ez dute doako garraioa edo erakunde publiko edo pribatuek guztiz ordaintzen duten garraioa erabiltzeko aukerarik eduki behar eta ikastetxeak 2 km-tara edo urrunago egon behar du.
Nolanahi ere, elementu horrek tirabira sozialak sortu ditu zenbaitetan –ehunekoari begira familia-kopuru txiki bat ukitu arren–, haurrak eskolatzea eta gurasoek bateratzea erraztu egiten baitu (edo zaildu, laguntza horiek edo beste garraio-mota bat erabili ezin ez bada1).
1El Correo (2013-12-16).